ARANTXA ITURBEren Hirugarren Belarria



Arantxa Iturbe irratigile, kazetari eta idazleak 2011ko irailaren 15ean eskainitako hitzaldiaren audio grabaketa. Hitzaldi hau Donostiako Arteleku zentruan ospatu zen eta 2011ko HIRUGARREN BELARRIA jardunaldien egitarauaren parte izan zen.

ARANTXA ITURBE
“Behin. Zuretzat. Orain”

Sinopsia:

Hala hasi nintzen irratia egiten, eta hasiera hartatik gauza asko aldatu den arren, horretan jarraitzen dut egunero: behin, zuretzat eta orain ari naizela sinistuz. Behin delako nahi zaitut adi, zuretzat delako desio dut zuk aditzea, eta orain delako eskatzen dizut entzuteko. Aukera bakarra daukat zu erakartzeko, eta ahalegin horretan xahutzen ditut indarrak: behin, zuretzat eta orain ariko diren lagunak gonbidatuz. Eta irratialdi bakoitzean haiek entzunez, eta batez ere, adituz.

Biografia
Nafarroako Unibertsitatean ikasi zituen Informazio Zientziak eta 80. hamarkadatik hona Euskadi Irratian ari da lanean. Kontatzea bere pasioetako bat dela sinistuta idatzi ditu ipuinak, (Ezer baino lehen, Lehenago zen berandu, Kontu-jaten), idatzi ditu kronikak (Ai, ama!), idatzi ditu zutabeak, idatzi du antzerkia (Ai, ama!, X, Aitarekin bidaian), idazten ditu egunero irratirako hitzak, eta urteekin jabetu da kontatzeak adina betetzen duela entzuteak. Horregatik gozatzen du egunero zer kontatua daukan jendeak erantzungo dizkion galderak pentsatzen eta idazten. Irratilaria da ofizioz; idazle, afizioz. Ametsak bete dituela esango luke, egunero amets egitea ofizioak eta afizioak pasioz bizitzeko ezinbesteko dela jakingo ez balu.

Arantxa Iturbe / 35min

Argazkia: Asier Gogortza

PATZIKU PERURENAren hitzaldia Hirugarren belarrian



Patziku Perurenak 2011ko irailaren 15ean eskainitako hitzaldiaren audio grabaketa. Hitzaldi hau Donostiako Arteleku zentruan ospatu zen eta 2011ko HIRUGARREN BELARRIA jardunaldien egitarauaren parte izan zen.

PATZIKU PERURENArekin solasean
“Ixo, lurra aditzen ikasi artio!”

Sinopsia:

Elkarrizketa honen abiapuntua gauzei deitu eta aditzean dago. Hitzaren mugak aitortuz, horrenbeste azaleko semantika ahazten lagundu dezakeen ariketa moduan planteatzen da. Bide horretan onomatopeiak, ahozkotasuna, arrazoia, isiltasuna, idazkera eta bertako hainbat idazlek gai hauen inguruan egindako ekarpenak hartuko ditu kontutan, Nikolas Ormaetxea “Orixe”, Eduardo Gil Bera edo Pedro Salinas, besteak beste.

Biografia
Patziku Perurena maestria ikasketak egin zituen, baina idazteari emana dago. Poesia ez ezik nobela ere egin du (Emily), ikerketa filologikoa (Euskarak sorgindutako numeroak eta Koloreak euskal usarioan), saiakera (Marasmus femeninus eta Harripilatan ezkutatu zeneko apo tipiaren burutazioak) eta lan etnografiko erraldoi
bat Leitzako historia xehea oinarri hartuta. Bere azkenengo lana Goizuetan bada gizon bat, Trabukoren kantari eskeinia dago.

Patziku Perurena / 56min

Argazkia: Asier Gogortza

NIKOLAS ORMAETXEA, Hiru belarriko gizona

Patziku Perurena idazle naparrak idatzi eta Nafarroako Gobernuak, Vianako Printzea Institutoaren bidez argitaratu zuen koadernotxo hau 1992an. 60ko harmakadatik argitaratzen den FONTES LINGUAE VASCONUM bildumako 60. ale honetan (ikus -eta irakurri- orain arte nagusiki Filologiari eskainitako aldizkari honen ale batzuk), Perurenak euskal literaturaren aitzindarien artean erreferentzia aipagarria den Nikolas Ormaetxea “Orixe” (1888-1961) hartzen du hizpide, baina bereziki idazle honek bere idatzi-lanetan entzumenari egiten dion erreferentzia nabarmenduz. Saiakera honetan ageri diren Orixeren ideiak nagusiki erlijioaren bidetik aipatutakoak badira ere (Jainkoaren Bila liburuan adibidez), berrirakurketa honek, haren ideiak gaur egungo gizartean kokatzen ditu, Entzumena praktika sozial, kritiko eta politiko bezala aurkeztuz.

Liburuxka hau lortzeko zailtasunak nabarmenak direla jakinik, bere (eta beste hainbat dokumenturen) jabetza dutenen dibulgaziorako borondate falta exkaxa ikusirik, eta beti ere testu interesgarri hau zabaldu eta ikerketa helburuetarako erabilgarria izan dadin, online jartzea erabaki dugu.
PDFak 33 orrialde ditu, euskara hutsean dago eta 40 Mb pasa pisatzen ditu.

>> Kargatu saretik