HIRUGARREN BELARRIA III: Gerraren soinuak

hb3

Hirugarren Belarria (Gerraren soinuak)
2013ko irailak 10-11-12
DONOSTIA-SAN SEBASTIÁN (Gipuzkoa)
hirugarrenbelarria.audio-lab.org

Egitaraua PDF

Soinuek eta musikek gizakiak batzeko duten gaitasuna, erritualtasun publikoarekiko eta honen mutazioekiko interesa edo teknologien garapenak pertzepzio sisteman eragiten dituen aldaketak, amaiera eta xede zehatzik gabeko mintegi honetan behin eta berriz plazaratzen ditugun gaiak dira. Eztabaida hauen azterketan sakontzeko gogoak eta Donostia setiatu eta erre zuteneko bigarren mendeurrenaren harira antolatutako “Bake-hitzarmena” proiektuarekin bat egiteko asmoak bultzatu gaitu Hirugarren Belarriaren edizio honetan auzi militarraren inguruan jardutera, gaiak bere baituen dituen konplexutasun eta bortxa guztia kontutan hartuta.

Itxura batera, musikaren dotoreziak eta fintasunak eragindako afektuak biolentziatik urrun kokatzen baditugu ere, agerikoa da gudaren mistika beti izan dela borrokalarien gogoa pizteko erabili ohi diren aldarrikapen, ereserki eta txaloaldien lagun. Musikak gorputzei eragiten die, neurtutako ibilalditara bultzatzen ditu eta gudaren ekintza bera simulatzen du. Ez gaitu harrituko beraz, hainbat akademia militarretan musika curriculum-aren parte izateak, esgrima, zaldiketa eta beste hainbat ikasgairekin batera.
Hain zuzen, gorputza eginkizun jakinetara makurtzeko gaitasun hori da, guda iraultzaileen kritika egiterakoan Simone Weil hainbeste haserrarazi zuena. 1933an, Aragoiko Durruti zutabearekin borrokarako bat egin aurretik idatzi zuen Weilek, guda, ekoizpen sistema industrialen jarraipena dela, berekin dakarren menpekotasun itsua dela eta, gerra ez dela klase herrikoientzako onuragarria izan litekeen edozein prozesu iraultzaile sustatzeko edo jasateko gai. Laburbilduz, musikaren gaitasun zuzentzaile hau (Gilles Deleuzek bere potentzialitate faxista gisa definitu zuena), gorputza, efektu jakin bat bilatzen duen ordena baten arabera menderatzeko duen gaitasuna dela esan dezakegu, bere izaera ideologikoa eta beharrezkoa duen gimnasia alde batera utzita (izan desfile, manifestazio, flashmob edo kirol ariketak).
Edozein modutara, zaila da entzumenaren iruditeria eta guda banatzea. Modernitateak garatu dituen musika estilo ezberdinekiko identifikazio emotiboa (folk, pop, rock…), “talde” ezberdinen partaidetzan inspiratua dagoela dirudi. Ez dezagun ahantzi XIX. mendean sortu ziren abertzaletasun europearrentzako, musikak -ideia erromantikoen eraginpean- beste edozein artek baino hobeto adierazten zuela nazioaren izpiritua. Aldiberean, herritarren artean, garapen hauek forma berriak hartu zituzten: Kantutegien bidez zabaltzen ziren tradizio modernoak, paperezko edizioetan edo ahoz aho, tabernetan eta kalean abestuz. Horrela, modernitatearen etorrerak bi muturren arteko tentsioa areagotu baino ez zuen egin: Musika boterearen irudikapen zaindua bihurtu zen, baita izenik gabeko jendearen sentipenaren garraio ere.

1813ko uztailean Beethovenek “Wellingtonen Garaipena” edo “Gasteizko Bataila” izeneko partitura idazteari ekin zionean, musika bere garaian kokatu eta haren efektuak ebaluatzeko giltzarria sortu zuen. Sinfoniaren lehen minutuetan, Beethovenek gerrako bandu bakoitzeko abesti ezagunak kontrajarriz imitatzen du gerra. Konposaketa ezagun hau egiteko, Vienakoak Johann Nepomuk Maezel izeneko pertsonaia berezi batekin egin zuen lan. Metronomoa, audifonoak edo panarmonikoiaren asmatu zituen ingeniariarekin. Panarmonikoia, orkestra militar osoa erreproduzitzeko gai zen teklatu mekanikoa zen; kanoi eta tiro hotsak barne. Nolabait, efektu berezien aurrekari honek soinu-diseinuaren historian abiapuntu berri bat ezartzen du, gerora entretenimenduaren industriak hain gogoko izan dituen efektuei eta sintetizadoreei bidea irekitzeko balioko duena. Eta hauek, aldiberean, bigarren mundu gerratearen ondotik gudu zelaian erabili izan diren soinuzko gailuen aurrekari: masak uxatzeko bozgorailu bortxatiak edo LARD sistemak, edo gaur egun erabili ohi diren Drone zaratatsuak asmatzeko bidea irekiz.

Hein batean, entzumenaren eta jakintzaren soinuzko forma aldarrikatzeak eta honen bidez gure azterketa kritikoak zorroztu ditzakegula pentsatzeak, gure entzuteko modu inuxenteak bazterrean uztera behartzen gaitu. Erreprodukzio teknologien ugalketak, zentzu askotan gor-mutu uzten gaituen soinu paisaia berri bat sortu du, belarrien parean jartzen zaizkigun egitura ideologikoak ulertzeko lanabesik gabe. Horregatik da hain garrantzitsua musika eta hizkuntzaren jolas, erritmo eta azentuak ikastea. Soilik leku hortatik izango gara soinu horien guztien azpitik eta gainetik dabilen zera ikusezin hori entzuteko gai.

EGITARAUA
Irailak 10 asteartea / ARTELEKU
17:00 Jardunaldien aurkezpena
17:30 Hitzaldia / Peter Cusack: Leku arriskutsuetako soinuak
19:00 Hitzaldia / Joe Banks: Rorscharch Audio

Irailak 11 asteartezkena / ARTELEKU
18:00 Hitzaldia / Alku: Less Lethal 2. saila
19:00 Hitzaldia / Eduardo Gil Bera: Gerraren jainkosa greziar epikan

Irailak 12 osteguna / UDAL LIBURUTEGI ZAHARREKO SOTOA
San Jerónimo kale, z/g

18:00 Hitzaldia / Karlos Sanchez Ekiza: “Walkirien garrasiak bezain sutsua zen”: Ezpata-dantza Amaya operan
19:00 Kontzertua / Khantoria: Bereterretcheren oinatzak
20:00 Solasaldia / Ander Berrojalbiz: Artea, artifizioa ezkutatzean datza

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *