PATZIKU PERURENAren hitzaldia Hirugarren belarrian



Patziku Perurenak 2011ko irailaren 15ean eskainitako hitzaldiaren audio grabaketa. Hitzaldi hau Donostiako Arteleku zentruan ospatu zen eta 2011ko HIRUGARREN BELARRIA jardunaldien egitarauaren parte izan zen.

PATZIKU PERURENArekin solasean
“Ixo, lurra aditzen ikasi artio!”

Sinopsia:

Elkarrizketa honen abiapuntua gauzei deitu eta aditzean dago. Hitzaren mugak aitortuz, horrenbeste azaleko semantika ahazten lagundu dezakeen ariketa moduan planteatzen da. Bide horretan onomatopeiak, ahozkotasuna, arrazoia, isiltasuna, idazkera eta bertako hainbat idazlek gai hauen inguruan egindako ekarpenak hartuko ditu kontutan, Nikolas Ormaetxea “Orixe”, Eduardo Gil Bera edo Pedro Salinas, besteak beste.

Biografia
Patziku Perurena maestria ikasketak egin zituen, baina idazteari emana dago. Poesia ez ezik nobela ere egin du (Emily), ikerketa filologikoa (Euskarak sorgindutako numeroak eta Koloreak euskal usarioan), saiakera (Marasmus femeninus eta Harripilatan ezkutatu zeneko apo tipiaren burutazioak) eta lan etnografiko erraldoi
bat Leitzako historia xehea oinarri hartuta. Bere azkenengo lana Goizuetan bada gizon bat, Trabukoren kantari eskeinia dago.

Patziku Perurena / 56min

Argazkia: Asier Gogortza

NIKOLAS ORMAETXEA, Hiru belarriko gizona

Patziku Perurena idazle naparrak idatzi eta Nafarroako Gobernuak, Vianako Printzea Institutoaren bidez argitaratu zuen koadernotxo hau 1992an. 60ko harmakadatik argitaratzen den FONTES LINGUAE VASCONUM bildumako 60. ale honetan (ikus -eta irakurri- orain arte nagusiki Filologiari eskainitako aldizkari honen ale batzuk), Perurenak euskal literaturaren aitzindarien artean erreferentzia aipagarria den Nikolas Ormaetxea “Orixe” (1888-1961) hartzen du hizpide, baina bereziki idazle honek bere idatzi-lanetan entzumenari egiten dion erreferentzia nabarmenduz. Saiakera honetan ageri diren Orixeren ideiak nagusiki erlijioaren bidetik aipatutakoak badira ere (Jainkoaren Bila liburuan adibidez), berrirakurketa honek, haren ideiak gaur egungo gizartean kokatzen ditu, Entzumena praktika sozial, kritiko eta politiko bezala aurkeztuz.

Liburuxka hau lortzeko zailtasunak nabarmenak direla jakinik, bere (eta beste hainbat dokumenturen) jabetza dutenen dibulgaziorako borondate falta exkaxa ikusirik, eta beti ere testu interesgarri hau zabaldu eta ikerketa helburuetarako erabilgarria izan dadin, online jartzea erabaki dugu.
PDFak 33 orrialde ditu, euskara hutsean dago eta 40 Mb pasa pisatzen ditu.

>> Kargatu saretik

HIRUGARREN BELARRIA 2012 Egitaraua

HIRUGARREN BELARRIA: Hausturarena
Entzumenari buruzko jardunaldiak (2. zatia)
Gonbidatuak: Pascal Battus, Jose Ramon Mozota Ortiz, Jose Mari Esparza, Jose Luis Ortiz Nuevo, Jaume Ayats, Jose Luis Espejo, Myriam Ayçaguer, David Arratibel

2012ko irailaren 10etik 14ra
ARTELEKU, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)

KAXILDA liburudenda, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)
GUARDETXEA, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)
KUTXA ARETOA, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)
Antolatzailea: AUDIOLAB ELKARTEA
Sustatzaileak: EREMUAKARTELEKU
Laguntzaileak: ERTZ jaialdiaKAXILDA liburudendaGUARDETXEA, KUTXA
Zuzendaritza: Oier Etxeberria, Xabier Erkizia

Hirugarren Belarriaren edizio berri honen asmoa, soinua, musika eta entzumenaren bidez jasotzen ditugun eta gure gizartea osatzen duten hainbat baliabide dramatikoren eta erretorikoren pertzepzioa zabaltzea da. 2011ko irailan ospatu jardunaldien lehen zatian, soinuak (eta ondorioz musikak), mundu sakratuaren esplorazio horretarako egokiak zirela esaten genuen, izatez, diskurtsoaren jardunera murriztu ezin den zerbait delako. Aurtengoan, bai sakratuaz eta bai soinuaz aritzerakoan aurkitzen dugun muga izaera honi jarraituz, hausturaren esanahiari buruz hitzegingo duten zenbait pentsalari lagun gonbidatu ditugu.
(Irakurri aurkezpen testua osorik)

EGITARAUA:

Irailaren 10a astelehena / Arteleku, Donostia
MEDIKU MUSIKARI
16:00 – 19:00
Pascal Battus: Soinuzko masaje sesioa (plaza mugatuak)
Erreserbak doan: info@arteleku.net
19:00 Hitzaldia :
Jose Ramón Mozota Ortiz: Belarri musikalaren eta zuzentzailaren artean

Irailaren 11a asteartea / Kaxilda liburudenda, Donostia
TRADIZIOA, TRADUKZIOA, TRAIZIOA
19:00 Hitzaldia :
Jose Mari Esparza: Jota heretikoak
20:00 Hitzaldia :
Jose Luis Ortiz Nuevo: EGOERAK Tirititran tran tran tran tran… Transgresioak Flamenko erara
Ondotik: Jan-edan, solas eta entzuteko tartea

Irailaren 12a asteazkena / Arteleku, Donostia
HIRIA ORROKA
19:00 Hitzaldia :
Jose Luis Espejo: Ziegak eta Transduktoreak
20:00 Hitzaldia:
Jaume Ayats: Taldearen errepresentazioa manifestazioen esloganetan eta kirol estadioetako kantuetan

Irailaren 13a osteguna / Guardetxea, Donostia
INOIZ IKUSTEKOA
20:00 Soinuzko dokumentariaren entzunaldia:
Ni Nüzu (Myriam Ayçaguer, 2011)

Irailaren 14a ostirala / Kutxa Arrasate aretoa, Donostia
IRISTEN EZ DEN ISILTASUNA
20:00 Film proiekzioa (pre-estrenoa):
Oírse (David Arratibel, 2012)

Hausturarena

2012ko irailaren 10etik 14ra Donostian ospatu HIRUGARREN BELARRIA jardunaldien aurkezpen testua.

O people that I know
It is enough for me to hear the noise of their footsteps
To be forever able to indicate the direction they have taken

Guillaume Apollinaire “Cortège” 1920.

Hirugarren Belarriaren edizio berri honen asmoa, soinua, musika eta entzumenaren bidez jasotzen ditugun eta gure gizartea osatzen duten hainbat baliabide dramatikoren eta erretorikoren pertzepzioa zabaltzea da. 2011ko irailan ospatu jardunaldien lehen zatian, soinuak (eta ondorioz musikak), mundu sakratuaren esplorazio horretarako egokiak zirela esaten genuen, izatez, diskurtsoaren jardunera murriztu ezin den zerbait delako. Aurtengoan, bai sakratuaz eta bai soinuaz aritzerakoan aurkitzen dugun muga izaera honi jarraituz, hausturaren esanahiari buruz hitzegingo duten zenbait pentsalari lagun gonbidatu ditugu.

Nietzscherentzat Musika Dionisiakoa (borondatearen antzeko zerbait) aintzinako Greziako nomosaren hausturatik eta haren gainditzetik sortzen da. Soinu dionisiakoaren extasia itxurazko mundu hartan bapatean agertu zen, gizakiaren gorpua muturreraino biziagotu eta bere nortasuna eraldatuz: “ez ahoaren sinbolismoa ezta hitzaren aurpegiarena ere, baizik eta gorputzeko atal guztiak erritmikoki mugitzen dituen dantzaren erabateko keinua.” Jarraitu irakurtzen